Gerra eta heriotza ez dira gure industriarentzat "negozio aukera", ezta alternatiba ere. Eskrupulurik gabeko kapitalismoaren interesei bakarrik erantzuten die eskalada belizista errotik arbuiatzen dugu.

 

« Pertsonen eta planetaren bizitza defenda dezagun eta  geldi dezagun suntsiketa  »

 

Kapitalismoak denbora darama akidura erakusten. Baliabide mugatuak dituen mundu batean hazkunde amaigabearen aldeko apustua eginez, mundua zentzurik gabeko espiral belizistarantz eramaten ari du. Daukagun egoera da planetaren muga naturalak gainditzen jarraitzen dugula eta sistema kapitalistak berak eragiten dituen krisiak gainditzeko duen ezintasuna.

Aktore global bakar bat ere ez da armamentu-karrera horretatik kanpo geratu. Europar Batasunak berak ere, kontinentean gerra berri bat saihestea izan baitzen sorrerako arrazoia, 800.000 milioi euro bideratzea erabaki du bere gaitasun militarra indartzeko.

Gerra aurreko giro honen oihartzuna Euskal Herrira ere iritsi da. Duela gutxi, Guillermo Dorronsoro Zedarriak (euskal enpresariei lotutako think tank bat) elkarteko presidenteak testuinguru horrek dakarren “aukera” aipatu du, eta euskal industria militarra indartzearen alde agertu da. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, beren adierazpenen eta ekintzen bidez, estrategia hori babesten dute.

Eskalada belizista hori eskrupulurik gabeko kapitalismoaren interesei soilik erantzuten die, gerran eta heriotzan negozio-aukera bat ikusten baitu. Fronteko lehen lerroan inoiz egongo ez diren elite pribilejiatuei egiten die mesede. Gaur egun hedabideen titularrek bereganatzen duten arren, gastu militarraren igoera eta berrarmatzea Newporteko (Gales) NATOren goi-bileran hasi ziren 2014an, non “gerra-ekonomia” baterako akordioa lortu zen, estatu kide guztiek 2024an BPGren % 2 gastu militarrera bideratzeko konpromisoa hartuz.

Langileria antolatzeko unea da, pertsonen eta planetaren bizitza defendatzeko eta suntsiketa grina geldiarazteko.

Maiatzak 1eko manifestazioak

  • Bilbo: 11:30ean Gran Vía 56
  • Iruñea: 12:00etan Baratxuri plaza
  • Donostia: 12:00etan San Telmo museoa
  • Gasteiz: 12:30ean Europa Biltzar jauregia

 

M1-eko aldizkaria »

Kanpainarako materiala »

 

« Ezinbestekoa da langileriarentzat bidezkoa den eta planeta errespetatzen duen  eraldaketa industrial  baterantz aurrera egitea »

 

 Bizitzak eusten diguten zaintzak

Estatuek milaka miloi euro erabiltzen dituzte gerrak finantziatzeko, eta bitartean, funtsezko enpleguak -bizitza eusten digutenak - prekarizatu, feminizatu eta sistematikoki gutxiesten dituzte. Hain zuzen ere, lan horiek emakumeek, pertsona migratuek eta gazteek hartzen dituzte beren gain, gizartearen funtzionamendurako ezinbestekoak direnak.

Bizitza duin eta baketsu bat izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, baina, batez ere, bizitzea merezi duen bizitza izateko eskubidea, instrumentalizazioetatik aske, inoren interesen menpe egon gabe. Politika publikoen lehentasunen erdigunean pertsonen ongizatea egon beharko litzateke, eta horrek, ezinbestean, zaintza sistema publiko bat sortzea ekarriko luke. Ondorioz, pribatizazioa, esplotazioa, prekarietatea eta nahitaezko familiarizazioa oinarritzat duen eredua hautsiko luke.

Zalantzarik gabe, horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa da administrazio-egoera irregularrean dauden etxeko langile guztien etxebizitza eta lan baldintzak erregularizatzea. Era berean, etxeko langileak eta zaintza langileak behingoz Gizarte Segurantzaren Erregimen orokorrean sartzea beharrezko da.

Zaintzea ez da salbuespena izan behar, gizarte justu baterako oinarria baizik. Bizitzan inbertitzea eta ez bere suntsiketan, berdintasunerako bide bakarra da. Zaindu, ez erail.


 Zerbitzu publikoetan inbertitzeko unea da

Europa Batzordeko presidentea den Ursula Von der Leyenek, 800.000 milioi euroko plana iragarri du Europar Batasuna berrarmatzeko. Diru kopuru horren jatorria ezkutatzen saiatu arren, herritarren zergetatik aterako dela badakigu, eta horrek gure zerbitzu publikoetan eragin zuzena izango du.

Zerbitzu publikoen kalitatea ezin da negoziatu. Milaka pentsiodun astelehenero mobilizatzen ari diren une honetan; non gure osasun publikoaren kudeaketak agerian utzi dituen bere gabeziak eta horrek gizartean eragindako kezkak; non hezkuntza publikoko irakasleek kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen duten greba ziklo baten protagonista izan diren, Europako, Espainiako eta Euskadiko agintariek segurtasun eta defentsarako gastua handitu dituzte funts publikoak erabiliz. Oinarrizko zerbitzuak indartu beharrean, erabaki horiek arlo pribatuaren interesak bakarrik babesten dituzte.

Tendentzia hau geldiarazten ez badugu, ongizate estatuaren desegitea are eta azkarragoa izango da. Horrek desberdintasuna areagotu eta gizarteko geruza ahulenak pobreziara eta gizarte bazterketara bideratuko ditu. Gaur egun, orain dela 40 urte bezala, langile klaseak berriz oihu egin behar du: “Gastu militarrak eskoletarako eta ospitaleetarako, kopon!”.

 

 Pertsona eta planeta errespetatzen dituen industria baten alde

Urteak daramatzagu eredu industriala irizpide ekosozialetan oinarritutako eredu baterantz eraldatzeko beharra defendatzen, planetaren muga fisikoak errespetatuko dituena eta erabilgarritasun soziala lehenetsiko duena fabrikatutako produktuak baino. Larrialdi klimatikoa gero eta nabarmenagoa da, eta ingurumen-hondamendiak maizago gertatzen dira.

Hala ere, berrarmatzeko politika global berria atzerapauso larria da klima-aldaketaren aurkako borrokan. Industria militarrak heriotza, suntsiketa eta miseria eragiteaz gain, baliabide naturalen arpilatzea bizkortzen du, krisi klimatikoa aurreikusi ezin diren mailetara bultzatuz. Industria militarrak igorpen globalen % 5,5 suposatzen du, mundu osoko industriaren igorpenak parekatuz.

Langile-klasearen alternatiba ezin da industria militarra izan, gerra eta suntsipena negozio bihurtzen baititu. Hori da elite batzuen aukera, gure kontura etekinak handitzea besterik bilatzen ez dutenak. Kapitalismoaren beldurraren diskurtsoa aitzakia baino ez da bere benetako asmoak estaltzeko.

Gaur egun, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da langileriarentzat bidezkoa den eta planeta errespetatzen duen eraldaketa industrial baterantz aurrera egitea.

 

 

« Funtsezkoa da aberastasuna modu  bidezkoago batean birbanatzea  »

 

Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa: pobreziaren eta gizarte bazkerketaren aurkako tresna

ESK-k, beste sindikatuekin batera, kanpaina bat abiarazi dugu Hego Euskal Herrian, gure errealitate ekonomikora hobeto egokituko den lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) propio bat ezartzea ahalbidetuko duen lege- aldaketa bat bultzatzeko asmoarekin.

EAEko eta Nafarroako patronalek, beraien interesak soilik babesteko estrategiari leial izanik, atzera bota dute LGS propio bat sortzeko negoziazio mahai bat irekitzeko proposamena. LGS ezartzeko neurriek enpresen arteko lehiakortasunean eragina izango lukeela argudiatzen dute, milaka pertsonen bizi kalitatea hobetuko lukeela ahaztuz.

Gero eta pertsona gehiago, enplegua eduki arren, pobreziako eta gizarte-bazterkeriako arriskuan daude. Gero eta desorekatuagoa den gizarte batean bizi gara, non kapital-metaketa esku gutxi batzuetan kontzentratzen den. Era berean, korporazio handiek, beraien etekinak modu esponentzialean hazten ikusten dituzte.

Kontuan hartu beharrekoa da LGSa handitzeak ekarriko lukeen onurak batez ere feminizatutako sektorean eta zaintza lanetako alorrean ikusiko liratekeela, hala nola etxeko langileen kasuan. Ondorioz, LGS propio bat izateak genero arrakala murriztuko luke: gaur egun, %16,5era iristen da EAEn eta %18,5era Nafarroan.

Era berean, LGSa handitzeak eragin zuzena izango luke enplegu prekarioenak dituzten pertsonengan; pertsona migratuengan, gazteengan eta desgaitasun aitortua duten pertsonengan. Azkeneko hauek, Enplegu Zentro Berezietan lanean daudenean beraien soldata ezarritako LGSra iristen da ozta ozta.

Hortaz, argi geratu da langileontzat LGSa, prekarietatearen eta pobreziaren aurkako borrokarako ez ezik, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko tresna eraginkorrenetako bat dela. Horregatik hain zuzen, soldata igoera bat planteatzen den bakoitzean, patronalak aurka egiten du erabat: ez dio uko egin nahi bere gero eta handiagoa den etekinari.

Confebasken eta CENen jarreren aurrean, langileon eskubideak defendatzeko antolakuntza eta borroka dira gure tresna indartsuenak.

Laster, EAEn Legegintzako Herri Ekimenean (LHK) parte hartzeko sinadura bilketekin hasiko gara LGS propio baten alde. Bestalde, Nafarroan ere sinadura-bilketa bat egingo da (nahiz eta LHK ofiziala ez izan) lantokietan. Ekimena sinatuz parte hartzera eta ekintza hedatzera animatzen zaitugu. Telematikoki sinatzeko aukera aktibatu bezain laster, gure webgunean sinatu ahal izango duzu.

LHE sinatu »

 

Maiatzak 1: industria militarra ez da alternatiba

Gerra eta heriotza ez dira gure industriarentzat "negozio aukera", ezta alternatiba ere. Eskrupulurik gabeko kapitalismoaren interesei bakarrik erantzuten die eskalada Irakurri

Maiatzak 1: Zuen errezetekin jai dugu

Gobernuek proposatzen diguten menua (gerrak, garraioko megaestrukturak edo energia berriztagarriko megaproiektuak, mendiak eta nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak industrializatuz) garestia, txarra eta Irakurri

Maiatzak 1: Zorroa lehertu!

Langileok argi izan behar dugu etorkizun hobe baten alde borrokatzeak merezi duela, beti egin dugun bezala, diruzalekeriak bide laburra duela Irakurri

Maiatzak 1: kapitalak gehiago nahi du

Gobernuak, kapitalaren ordezkari, larrialdi galgari eragin beharrean, krisia sakontzen duten neurriak hartzen ari dira, bizitzaren prekaritatea eta herritar gehienen pobrezia Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3