Geure kezka agertu nahi dugu, EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan ez direlako euskararen ezagutzaren eskakizuna betetzen ari. EITBko Zuzendaritzari galdatzen diogu zuzen ditzala euskararen eskakizuna kolokan utzi den postu guztietako prozesuak.


 

«   Gabezia larriak  daude hainbat arduradun eta zuzendarien euskara mailan »

 

EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuok, Aldatu Gidoia ekimenak eta manifestuaren sinatzaileok geure kezka agertu nahi dugu, EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan ez direlako euskararen ezagutzaren eskakizuna betetzen ari.

EITBko Zuzendaritzak euskarazko C1 maila izatea ipini du baldintza gisa azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan. Haatik, 2024an orain arteko bidean atzera egin eta hiru ardura postu esleitu dira euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala. Areago, atera berri diren deialdietan jada ez da C1 maila eskatzen. Baldintza bakarra da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea» , zehaztapen gehiago egin barik. Hori da, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari eskatzen zaiona. Horiek atera dira azalera azkenaldian baina lehendik ere gabezia larriak daude hainbat arduradun eta zuzendarien euskara mailan. Gaztelanieraz onartuko al genuke Zuzendari Nagusiak agerraldi publikoetan euskaraz erakutsi duen maila?

 

Euskara plana

Bestalde, horrek guztiak zapuztu egiten du guztiz 2013tik EITBn indarrean dagoen, eta zuzendaritza parte duen, euskara plana. Eta halaber planaren helburuak ere erasotzen ditu, alegia, euskararen erabilera sustatzea eta gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean.

Egoera honi salagarria eta larria deritzogu. Komunikabide publikoa den aldetik EITBk sorreratik dauka gizartearen aurrean euskara sustatzeko betekizuna eta erantzukizuna. Helburu hori zenbateraino betetzen ari den hausnartu beharko dugu euskalgintzak, gizarte eragileok eta EITBren gainean ardura duten erakundeek. Eta tresna eraginkorra izateko neurriak hartu beharko dira. Bitartean, gutxieneko aldarrikapena da zuzendari eta arduradun guztiek euskara menperatzea. Izan ere, erabaki hauekin, EITBk euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituenaren irudia zabaltzen da gizartearen aurrean.

 

 

Zuzenketa

Horiek guztiak aintzat, gehitu nahi genuke ezin dela profesionaltasunez jardun EITBn euskara menperatu gabe, aipatutakoez gain, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia eta ulergaitza baita.

Horiek horrela, azpian sinatzen dugun eragile eta norbanakoek, EITBko Zuzendaritzari galdatzen diogu zuzen ditzala euskararen eskakizuna kolokan utzi den postu guztietako prozesuak, EITBko lanpostu guztietan bezala, zuzendaritza-postuetan ere dagokion euskara-betekizuna ezarriz eta betearaziz.

 

EiTBko ELA, LAB eta ESK sindikatuak eta Aldatu Gidoia ekimena

 

EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!

Geure kezka agertu nahi dugu, EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan ez direlako euskararen ezagutzaren eskakizuna betetzen ari. EITBko Zuzendaritzari galdatzen diogu Irakurri

🏃‍♀️🏃Harro sindikatu!

Gaur, martxoak 14, ostegunarekin, 23. Korrikari emango diogu hasiera Irunen. Martxoaren 24 arte, amaika egunez Euskal Herritik zehar, hamaika zoro Irakurri

Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!

Euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak ezinbestekoa du lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. ESK sindikatuak azaroaren 4an Euskaldunatik aterako den manifestazioarekin bat Irakurri

Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez!

Hezkuntzari buruzko Legea izapidetzen hastera doala, lege-aurreproiektu honi ezezkoa ematen diogu berriro, eta ekainaren 9ko manifestazioetan parte hartzera animatzen zaitugu. Irakurri
  • 1
  • 2