Azaroaren 28ko hauteskunde hauetan ESK-ren bilakaera ezin hobea izan da eta langileen konfiantza eskertu eta Osakidetza aldatzeko gure konpromisoa berretsi besterik ez dugu egin behar.
Kanpainan inplikatu diren pertsona guztiei eta ESKren mezua bere ingurura eramaten lagundu dutenei ere aitortza egin nahi diegu. Mila esker guztioi!
ESK-k lortu dituen emaitzak oso positiboak dira, ordezkaritzan eta bereziki botoetan gehien igo den sindikatua garelako. Igoera garrantzitsu hau, urtez urte, zentroz zentro egindako lan sindikal handi baten emaitza izan da; langileen eta haien aldarrikapenen gertuko ekintza sindikal bat, langileon beharrekiko sindikalismo proaktibo eta enpatikoa sustatuz.
Osakidetzako bosgarren sindikatu bozkatuena gara: ia 2.000 lagunek babestu dute 18 ordezkaritik 27ra igaro den ESKren proiektu eraldatzailea.
Hauteskunde sindikalek anomalia puntu bat izan badute ere (duela urte asko ez baitzen hauteskunderik egiten), sindikatu guztiok hausnartu behar dugu zergatik partaidetza ez den langileen %50era iristen. Nolanahi ere, behingoz plantillaren iritziarekin bat datorren langileen legezko ordezkaritza izategatik zoriondu behar dugu.
Hauteskunde hauetan, langile gehiago zeudenez, aurreko hauteskundeetan baino ordezkari gehiago zeuden aukeran, eta horrek ekarri du ia sindikatu guztiok ordezkari kopurua handitzea. Nolanahi ere, lehen begiratuan sindikatu guztiok gora egin dugula dirudien arren, ESK da jasotako botoen ehuneko bat benetan hazi den sindikatu bakanetako bat; aldiz, babes portzentajea murriztu dutenak SATSE, CCOO, SME eta ELA dira, orden horretan.
Laburbilduz, hauteskunde hauetan ESK nabarmen hazi da Bizkaian (ESI guztietan hazi da eta Gurutzetako Ospitalean lehen indar gisa finkatu gara botoen %18 baino gehiagorekin); Araban ordezkaritza mantendu dugu eta Gipuzkoan botoetan gora egin dugu eta Donostialdean 2 ordezkari lortzekotan egon gara, horretarako 17 boto bakarrik falta izan zaizkigularik. Emergentziak erakundean ere izugarri hazi da gure ordezkagarritasuna, eta oso emaitza positiboak lortu ditugu, botoen % 16rekin. Bistan da indarberrituta eta indartuta atera garela, eta horrek hegoak ematen dizkigu gure jarduera sindikal biziari eusteko.
Orain, Osakidetza hau aldatzeko lanean jarraitzeko unea da. Horretan arituko gara gure ezarpena ondo sendotuta dagoen tokian, eta Araban eta Gipuzkoan gure eguneroko lana indartzearen aldeko apustua egingo dugu. Izan ere, jo eta su lanean arituko gara hor, eta zuen ondoan egongo gara zalantzak argitzeko, arazoak salatzeko eta konpontzen laguntzeko. Orain lanean jarraitzea dagokigu; Osakidetza aldatu nahi dugu, geure buruak zaintzeko.
Eskerrik asko, beste behin ere, ESK-n konfiantza izan duzuen lankide guztioi!
Zentroetako datu batzuk
- Zerbitzu Zentralek eta Emergentziak erakundeak osatzen duten Langileen Batzordean ikaragarri ari gara aurrera egiten, are gehiago kontuan hartzen badugu inoiz ez dugula izan presentziarik Zerbitzu Zentraletan. Emergentziak erakundeko gure ordezkarien jarduera sindikal handiaren emaitza izan da hori. Botoen %9 eta ordezkari bat izatetik botoen %16 eta 4 delegatu izatera pasatu gara, bigarren indarra izanik ordezkaritzan eta botoen ehunekoan.
- Bizkaian gure igoera ikusgarria izan da. Guztira 20 ordezkari lortu ditugu 162 ordezkaritik, botoen %12 baino gehiagorekin; hirugarren sindikatua da ordezkaritzan, SATSEren (botoen %22 eta 38 ordezkari) eta ELAren (32 ordezkari eta botoen %19) atzetik.
- Gurutzetan emaitza ikaragarria izan da, boto gehien jaso dituen sindikatua izan gara (%18,4) eta ordezkari gehien lortu dituena (7 ordezkari).
- Hazkunderik handiena Bilbo-Basurtu ESIan izan dugu, lehen aldiz aurkeztu garela kontuan hartuta. ESK hirugarren indarra da botoetan (%14) eta delegatuetan (5).
- Barakaldo-Sestao/Uribeko Batzordean hirugarren sindikatu bozkatuena gara, botoen %13rekin eta 3 delegaturekin. Urdulizen eta San Eloyn emaitza handiak izan ditugu.
- Gorliz/Sta Marina/BOMS eremuan botoen %10 eta 3 ordezkari lortu ditugu. Emaitza handi honek, Santa Marinan bereziki, ateak irekitzen dizkigu gure lana presentzia egonkorrik izan ez dugun esparruetara eramateko.
- Barrualde-Galdakao ESIn eta TGEEZn bi ordezkari lortu ditugu
- Araba ESIn ere bi ordezkari lortu ditugu.
- Gipuzkoan bi esparrutan aurkeztu gara lehen aldiz urte askotan; Debagoiena/Debabarrena eta Donostiladea, errealitate ezberdinetatik abiatuta.
Lehenengoan, Arrasateko ordezkariak egindako lanari esker ordezkari bat lortu da.
Donostialdeko kasua ordezkaritza lortzeko 17 botoren faltan geratu gara. Nabarmentzekoa da ESIko Lehen Mailako Arretan botoen %6 gainditu dugula.