Herriok Ukrainian gatazka armatuaren etetea eta hedapen inperialistaren bukaera aldarrikatzen dugu: Gerrari ez, bizitzari bai!
Argazkia: Público
« Potentzia handien interes ekonomiko eta geo-politikoek bertako herritarren bizitza mehatxatzen eta baldintzatzen dute »
Azken egunotan mundua gerra berri batekin mehatxatzen ari duen Ukrainako gerra hotsen areagotzearekin oso kezkatuta gaude. Berriz ere, potentzia handien interes ekonomiko eta geo-politikoek 2014ean Euromaidan izenez ezagutzen den Estatu Batuen interesen aldeko kolpe leuna eman zenetik gerran egoteari utzi ez dion herrialdean, bertako herritarren bizitza mehatxatzen eta baldintzatzen dute.
NATOren espantsionismoa
Krisi geo-politiko berri hau Estatu Batuetako estrategiarekin zuzenean lotuta dago. Estrategia horrek NATO Europa ekialdean zabaltzea du helburu, honen bitartez Errusia inguratu, isolatu eta bere eragin-eremua murrizteko helburuarekin. Gas errusiarra lekualdatzeko funtsezkoa den lurralde geo-estrategiko honetan, lurralde honen kontrola izatea oso garrantzitsua da lehian dauden potentzientzat. Guzti honi, Txinaren kontrako borroka globalago baten baitan, Estatu Batuek eta haien interesei loturiko lobbyek Europa ere tentsio foku bat izan dadin daukaten interesa gehitu behar zaio.
“Koloretako Iraultza” izan zen Euromaidan mugimendua, orduko Ukrainiako presidentea zen Victor Yanukovich-ek Errusiarengana hurbiltzeko eginiko mugimenduei eskuin eta eskuin muturreko indarrek mendebaldeko potentzien laguntzarekin emandako erantzun bat izan. Yanukovich-ek 2013 azaroan Europar Batasunarekin merkataritza akordio bat ezagutzera eman zuen, Errusiarekin laguntza ekonomikoa negoziatzen ari zen bitartean.
Espainiar gobernuaren babesa
Ordutik hona ez dago bakerik Ukrainian eta zoritxarrez badirudi inori ez zaiola gero eta pobretuago dagoen Ukrainarren bizi baldintzak axola. Estatu Batuen eta Europar Batasuna bezalako sateliteak daude alde batetik, zeinak behin Yanukovich kargutik kenduta ez dute herritarren bizi baldintzak hobetzeko ezer egin eta beste aldetik Ukrainaren ekialdea dago, non biztanleen gehiengoa errusiar jatorrikoa den eta Moskurekin dituzten lotura historiko, kultural eta politikoak mantendu nahi dituzten. Egoera honetan harrapatuta, gerrak eta bizitzaren prekarizazioak, gero eta nekatuago dagoen Ukrainako herritarrak zigortzen jarraitzen du.
Egoera honetan Ukrainiatik datozen gerra hotsak eta Espainiar Estatuak NATOren gerra estrategiari emaniko laguntza salatzen ditugu. NATOri ez aldarrikatu, baino beranduago NATORen kontra masiboki bozkatu zuten Euskal Herria, Katalunia eta Kanarietan borondate demokratikori entzungor eginez iritzia aldatu zuen alderdi politiko berdinak, Ukrainiara armamentu militarra bidali du. Beste behin, 1978-ko konstituzioarekin gertatu bezala, Espainiar zentralismoa herrion borondate demokratikoaren gainetik pasa zen. Herriok, gure borondatearen kontra NATOren gerra makinaria honetan murgildu gintuzten.
« Ukrainian gatazka armatuaren etetea eta hedapen inperialistaren bukaera aldarrikatzen dugu »
Konplize ez dugu izan nahi
Manifestu hau sinatzen dugunok NATO-ren estrategia militarraren konplize ez dugula izan nahi argi eta ozen esan nahi dugu. Beste askoren artean, Yugoslaviaren kontrako bonbardaketek eragindako 1.500 biktimak, 2001eko Afganistango gerra eta 2003ko Irak-eko gerra, eta 2011eko Libiako interbentzioak gure memorian dihardute, eta ez dugu giza eskubideen urraketa gehiagotan erantzukizunik izan nahi.
Zentzu honetan gure herrialdeetan egonik gerra eta suntsiketa estrategia honen parte diren base militar Estatu Batuar guztien itxiera exijitzen dugu; hala nola, Rota eta Morón Andaluzian, Bardeetako Tiro Eremua Euskal Herrian, Aragoiko base eta Tiro Eremuak, Kanarietako Fuerteventura Irlan dauden Estatu Batuetako egitura militarra, eta Bétera-ko basea Valentzian besteak beste. Ukrainiara armak bidaltzeko zalantzarik egiten ez duten estatuen aurrean, elkartasuna, bizitza eta eskubide nahiz justizia sozialean oinarrituriko bakearen alde lan egingo duen eredu bat aldarrikatzen dugu.
Manifestu honekin bukatzeko, gatazkan murgilduta dauden alde guztiak interpelatu nahi ditugu. Elkarrizketaren eta diplomaziaren unea da, hori bai, beti ere sinaturiko akordioak beteko badira, Ukrainiako gobernuak errespetatu ez duen 2015eko Minskeko akordioekin gertatu ez bezala. NATOren gerra makinariarekin eta honek planetaren egonkortasunaren kontrako mehatxuarekin amaitu beharra dago. Pertsona eta herri guztien eskubideak erdigunean jarriko dituen akordioak bilatzeko elkarrizketa eta negoziazioa aktibatzea eskatzen diogu nazioarteko komunitateari, honen bitartez mehatxu eta gatazkei bukaera emanez. Horregatik, herriok Ukrainian gatazka armatuaren etetea eta hedapen inperialistaren bukaera aldarrikatzen dugu, gerrari ez eta bizitzari bai aldarrikatuz.
Stop genozidioa! Langileok Palestinarekin
Egin diezaiegun aurre Israeli eta bere konplizeei
Araba Palestinaren alde. Stop sportwashing!
Langileok Palestinarekin.¡Stop genocidio! ¡SOS Rafah!
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6