Confebaskek gutxieneko soldata adosteko mahaiari jarritako betoa gainditzeko ekimen berria iragarri dugu sindikatuok. Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dezala ontzat eman Confebasken jarrera.


« Sindikatuok adostu dugun  proposamen bateratua  negoziazio mahaian jarriko dugu »

 

Pasa den otsailaren 6an, Confebaskek ezezkoa eman zion gutxieneko soldata propioa adosteko mahaia eratzeari, sindikatu guzti-guztiek egindako eskariari muzin eginez. Patronalaren jarrera erabat onartezina da, bai forma aldetik baita funtsari dagokionez ere.

Formen aldetik, negoziazio kolektiboan dagokion funtzioari uko egin zion Confebaskek. Eztabaidari eta negoziazioari bide eman ordez, jarrera erabat autoritarioa hartu zuen. Berriro ere agerian geratu da, modu nabarmenenean, Patronalak ez duela elkarrizketarako eta akordioetarako inolako borondaterik. Bere jarrera autoritarioa da lan munduan gatazka areagotzen duena, lehendakariorde eta enplegu sailburu Torresek berak adierazi zuen bezala.

Funtsari dagokionez, tesi neoliberalak besarkatu egin ditu Confebaskek. Soldata baxuen eta lan harremanen desregularizazioaren alde egin du, horrek kalte bikoitza badakar ere. Kaltea, lehenik eta behin, soldata baxu horiekin bizimodua aurrera ateratzeko zailtasunak dituzten langileentzat eta bereziki generoaren, jatorriaren edota adinaren araberako arrakalak pairatzen dituztenentzat. Eta kaltea, bigarrenik, Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoarentzat, frogatua baitago lan baldintzen prekarizazioak jarduera ekonomikoa bera prekarizatu eta desbalorizatzen duela, jendartearen kohesioa kaltetzearekin batera. Horrelako politikak etxekalte dira Euskal Herriarentzat, herri bezala justu kontrako norabidean egin behar dugu aurrera: enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren bidez, jendarte eredu justuagoa eta bideragarriagoa eraikitzeko norabidean.

 

Baterako proposamena

Gauzak horrela, ez dugu ontzat ematen Confebaskek mahaia eratzeari emandako ezezkoa. Eta ezezko hori gainditzeko asmoz, ekimen politiko berria iragarri nahi dugu. Orain arte sindikatu bakoitzak gutxieneko soldatari dagokionez bere erreferentzia propioa izan du eta orain negoziazio mahaian jarriko dugun proposamen bateratua adostu dugu. Egungo testuinguru sozioekonomikoa eta negoziazio kolektiboaren errealitatea aintzat hartzen duen proposamena da, erabat bideragarria eta gauzagarria. Ez diogu uko egiten norbere helburuei, eragile guztientzat onargarria izan daitekeen proposamena egin nahi dugu, gutxieneko soldata propio bat ezarri ondoren ondorioak aztertu eta etorkizunean eztabaidan sakondu ahal izateko.

Era berean, negoziazio mahaia eratzeko hitzordu berri baterako deia egitea erabaki dugu: martxoaren 20an, Bilbon Lan Harremanen Kontseiluak duen bulegoan. Hilabete honetan zehar harremanetan jarriko gara, batetik, Eusko Jaurlaritzarekin (bai Pradales lehendakariarekin baita Torres lehendakariorde eta enplegu sailburuarekin ere); eta, bestetik, Patronalarekin, proposamen bateratu horren berri zuzenean emateko eta mahaia eratu dadin galdegiteko.

 

« Eusko Jaurlaritzak  bere esku dituen baliabide guztiak  erabili behar ditu Confebaskek negoziazio mahaiari jarritako betoa altxa dezan »

 

Eusko Jaurlaritzari eta patronalari

Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dezala ontzat eman Confebasken jarrera. Eusko Jaurlaritza ezin da mugatu esatera Confebasken jarrerak gatazka areagotuko duela; Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen baliabide guztiak erabili behar ditu Confebaskek negoziazio mahaiari jarritako betoa altxa dezan. Eusko Jaurlaritzak noiznahi egiten ditu ekitaldiak Confebaskekin, babes politiko, mediatiko, logistiko eta ekonomikoa eskaintzen dio. Bada, baldintzatu dezala babes hori eta Confebaski exijitu diezaiola mahaia eratu eta gutxieneko soldata propio baten negoziazioari ekin diezaion, hots, bere funtzioari eta erantzunkizunari heldu diezaion.

Era berean, interpelazio zuzena egiten diegu Confebaski ez ezik Confebask osatzen duten herrialdeko patronalei, CEBEK, Adegi eta SEAri. Behin gure negoziaziorako proposamen bateratua ezagututa, CEBEK, Adegik eta SEAk duten jarrera argitu dezaten nahi dugu eta Confebaski negoziatzeko deia egin diezaioten eskatzen diegu.

 

Mobilizazioak, eztabaida eta sinadurak biltzea

Amaitzeko, gutxieneko soldata propioa eta duina lortzeko gure determinazioa berretsi nahi dugu. Iragarri dugun ekimen honekin batera, aktibazio sozialaren aldeko apustua egiten dugu. Lehenik, gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioak antolatzera goaz, dagokion unean iragarriko ditugunak. Bigarrenik, Confebaskek eman nahi ez duen eztabaida soziala sustatzera goaz, maiatzaren 16an gutxieneko soldataren inguruko jardunaldi zientifikoak antolatuz. Hirugarrenik, datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko milaka sinadura biltzera goaz, Confebask negoziazio mahaira eramateko nahiz, patronalak ezarri nahi duen betoa negoziazio mahaitik gainditzen ez balitz, legez gainditzeko.

Beraz, datozen hilabeteetan langile orok izango du aukera aldarrikapen estrategiko honi bultzada emateko. Eta langileon bultzadaz, bidean ager litezkeen oztopoak gaindituko ditugu.

 

Prekarietateari aurre egiteko LGS propio baten aldeko mobilizazioak

Apirilaren 3an, 5ean eta 14an Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio baten aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu. 'Ohiko galdera' Irakurri

Gutxieneko pentsioak Gutxieneko Soldatarekin parekatzearen aldeko manifestazioak

Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5erako deitutako manifestazioekin bat egiten dugu, langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak bermatuko dizkieten soldata eta pentsio Irakurri

Patronalek Gutxieneko Soldataren inguruko gure proposamena entzuteari uko egin diote

Sindikatuok proposatzen dugun proposamena hilean 1.500 euroko gutxieneko soldata da; proposamen hori guztiz bideragarria da, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko. Irakurri

Mobilizazioak eta sinadura bilketa Nafarroan, gutxieneko soldata propio baten alde

CEN, CCOO, UGT eta Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzen dugu, elkarrizketari uko egin diotelako, eta mobilizazioak eta sinadura bilketa iragartzen ditugu, Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3