Donostialdeko Osakidetzako gure atal sindikalak DOPAk pasa den ostegunean Egiako Kultur Etxean antolatutako mahai-inguruan parte hartu zuen.

Bertan, osasun itunaren inguruko bileretan izandako parte-hartzeak azaldu eta Osakidetzak pairatzen dituen arazoen analisia bertaratutakoekin partekatu nahi izan genuen ESK, LAB, ELA eta CCOO-ko ordezkariok.

Euskal Osasun Itunetik kanpo utzi gaituzte bat ez gatozelako Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egindako diagnostikoarekin, non akats garrantzitsurik ez den onartzen. Itunaren koordinatzaileak ezarritako metodologia opakoa, alde batekoa eta antidemokratikoa da eta desberdinen arteko eztabaida sanoa saihesten du. Itunak bilatzen duena publizidadea da, herri mobilizazioa baretuz eta Osakidetzaren egoera penagarriaren erantzule den EAJren irudia zurituz. Behar-beharrezkoa da herritarren eta langileen mobilizazioa mantentzea, eman daitezkeen aldaketak sakonak izan daitezen, eta ez soilik azaleko ukitu publizitarioak.

Aipatu genuen nola EAJ-PSOE-ren gobernuak betiko estrategiak baliatzen ari dituen gaixotasunarekin negozioa egiteko eta Osakidetza hondatzeko: ospitaleen kontzertazioa, Tolosako Asunción kasu, zerbitzuen pribatizazioa (garbiketa, informatika, garraioa), proba eta interbentzioen kontzertazioa, eta abar.
Berriagoak diren beste estrategia batzuengatik ere galdetu ziguten, hala nola Mutuek hartuko duten paperaz edo lehen arretaren gainbeheraz.

Lehen Mailako Arreta osasun sistemaren funtzionamenduaren bermea da eta horregatik suntsitu nahi dute. Oso eredu eraginkorra da, baliabide erlatibo gutxirekin oso erabakitzailea delako, eta nolabaiteko gaitasuna duelako esku-hartzeak modu bidezkoagoan banatzeko, gehien behar duten herritarrengan arreta jarrita.

2023ko maiatzean zenbait sindikatuk Espainiako Estatuko enpresa-erakundeekin sinatutako “Enpleguaren eta Negoziazio Kolektiboaren aldeko V. akordioari” (V-AENC) dagokionez, uste dugu aseguramendu-sistemara itzultzeko prozesuan sakontzen duela, jaso daitekeen osasun-laguntza persona bakoitzaren lan egoeraren menpe utziz. Horregatik defendatzen dugu lan-osasuna osasun publikoaren parte izatea.