Joan den astean, Euskal Osasun Zerbitzuak "hobekuntzak" iragarri zituen Bidasoako ESIko pediatria zerbitzuan. Baina apirilaren 13tik aurrera ez da haurrik artatzen Bidasoako Ospitalean, eta larrialdizko arreta pediatrikoa Donostia Ospitalean artatuko da, zerbitzu hori indartu gabe. Honetaz gain, astegunetan 17-20 orduko ordutegian eta asteburuetan 8-20 orduko ordutegian agindu zuten  EAGetan pediatrekin indartzea ez da egongo.

Apirilaren 14tik aurrera berriz, lehen mailako pediatriako arreta Irungo Osasun Zentroan izango da, Irungo herritar guztientzat. Dunboako osasun-zentroak, erizaintza pediatrikoarekin bakarrik eskainiko du arreta.

ESK-k egoera hau salatu nahi du. Osakidetzarentzat "hobekuntzak" direnak, herritarrentzat kalitatezko osasun-arretaren eskubideen murrizketa argiak dira. Bidasoa eskualdeko haurren osasuna arriskuan jarriz, beste behin ere, beharrezkoak diren zerbitzuak itxiz eta Donostia Ospitalea saturatuz.

Baina ez da eskualde horretan murrizketak egiten diren lehen aldia. Bidasoa Ospitaleak hilabeteak daramatza Urologo propiorik gabe, Donostialdeko profesionalek egindako kontsulta bakarrarekin (pandemiaren aurretik zeuden 3tik zerbitzu hontara pasa da) ondorioz, paziente asko beste ESI batzuetara edo medikuntza pribatura bideratu behar izan dira. Eta beste espezialitate batzuk ere arriskuan daude, hala nola Traumatologia, Kardiologia (oraintxe bertan 4-5 hilabeteko itxaron-zerrenda duena) edo Neurologia. Egoera hau onartezina da biztanle gehien dituen Gipuzkoako bigarren eskualdean. Horregatik, ESK-tik dei bat egin nahi dugu Bidasoa Ospitaleak kalitatezko ospitale gisa funtzionatzen jarrai dezan, pertsonen eta profesionalen osasuna bermatuz.