Nafarroako lan-ezbeharren txostena aurkeztu dugu. Araudia betetzea, ikuskapen-taldea indartzea eta NOPLOI-ri araudia betetzen ez duten enpresak zigortu ahal izateko ahalmena ematea eskatzen dugu.

 

« Ia 30 urte dira patronalak araudi hori  zigorgabetasun osoz  betetzen ez duela »

Gaur goizean Iruñean, 2024. urtean Nafarroa Garaian gertaturiko laneko ezbeharren kopuruen inguruko txostena emateko, eta salatu dugu iaz lanean edo laneko bidean 26 langile hil zirela herrialdean. Sindikatuok gure afiliatu sarearen bidez izan dugu heriotza horien guztien berri, Nafarroako Gobernuak datu txikiagoa eman baitu.

Sindikatuok salatu dugu istripu kopuruak ez duela etenik. Nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen (%70), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoreetatik kanpo.


Txostena deskargatu »

 

Istripu larrienak

Istripu larrienei dagokienez, aipatzekoa da azken 10 urteetan gutxienez 612 langile hil direla lan istripuz Euskal Herrian, horietatik 141 nafarrak edo Nafarroan. 2024. urtean 64 hil ziren Euskal Herrian, horietatik 26 nafarrak edo Nafarroan (azken hamarkadako kopururik altuena). 26 horien artean 9 ez-traumatikoak izan ziren, 8 in itinere edo in mision, 5 kolpeen edo harrapaketen eraginez (horietako 4 makinekin lotuta) eta 4 altueratik erorita. Sektoreei dagokienez, aipatzekoa da 9 hildako garraiolariak zirela, 7 Industriakoak eta 4 Eraikuntzakoak.

Datuok erakusten dute sektore batzuetan errazagoa dela hiltzea: Eraikuntzan, Industrian, Garraioan, Basogintzan... Eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea (batez ere afekzio psikosozialak). Azken horietan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek, aldiz, ez dute bizitzen uzten.

 

 

24.000 lan istripu Nafarroan

2024an, enpresek zein mutualitateek 24.000 lan istripu aitortu zituzten, eta horien erdiak egun bat baino gehiagoko bajak eragin zituen. Kopuru altua da, baina halere sindikatuok uste dugu istripu asko eta asko erregistratu gabe gelditzen direla. Gauzak horrela, sindikatuon iritziz patronalak zein eskuinak etengabe darabilten “absentismoaren arazoa” ke-laino bat baino ez da, eta arazo nagusia laneko arriskuak dira, patronalak legedia urratuz eragiten dituen arriskuak.

Gobernuak zenbait heriotzaren datuak ere ezkutatzen dituela salatu dugu sindikatuok. Laneko heriotzen zerrenda ofizialetatik kanpo gelditu ohi direnak garraiolarienak izaten dira, edo in itinere edo in mision gertatzen direnak. Laneko heriotza bezala 2024an ukatu zirenen artean, kasu zehatz bat aipatu nahi izan dute sindikatuek: irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langile bat aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen; bada, hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zuten arren, mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta horiek baliatuz eragin laborala ukatu zuen eta istripu arrunt gisa kalifikatu zuen.

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuok gure afiliatu sarearen bidez izaten dugu lan istripu askoren berri. Horregatik gure datuak Gobernuak ematen dituenen ezberdinak izaten dira. Arestian aipatu bezala, sindikatuon datuen arabera, 2024an Nafarroa Garaian 26 langile hil ziren lanean edo laneko bidean; datu ofizialek diote 22 izan zirela.

 

Ez dute araudia betetzen

Ia 30 urte dira lan osasunaren inguruko araudi orokorra onartu zela, ia 30 urte dira patronalak inpunitate osoz ez duela araudi hori betetzen, eta ia 30 urte dira gobernuek ez dutela araudi hori betearazten. Horren guztiaren aurrean, LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek jarraituko dugu salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen, jarraituko dugu mutualitateak publifikatzearen aldeko borrokan, eta jarraituko dugu gobernuei exijitzen NOPLOIri isunak jartzeko gaitasuna emateko eta Nafarroan lan ikuskatzaile askoz ere gehiago jartzeko.

 
LAB · CGT/LKN · Steilas · ESK · EHNE-Etxalde · Hiru

 

Esku-hartze sozialean arrisku-egoerak saihesteko neurriak eskatzen ditugu

Gizarte-hezitzaile baten heriotzaren aurrean, LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok neurri zehatzak eskatzen ditugu esku-hartze sozialeko arrisku-egoeren aurrean. Irakurri

Prekarietateak garraioaren sektoreko lan-istripuak errazten ditu

Gaur Iruñeko Lan-ikuskaritzaren aurrean salatu dugu Fiteron hil ziren 4 garraiolarien heriotzak. Garraio-sektore zabaletan dauden lan-baldintza eskasek horrelako istripuak errazten Irakurri

26 langile hil ziren 2024an Nafarroan, azken hamarkadako kopururik altuena

Nafarroako lan-ezbeharren txostena aurkeztu dugu. Araudia betetzea, ikuskapen-taldea indartzea eta NOPLOI-ri araudia betetzen ez duten enpresak zigortu ahal izateko ahalmena Irakurri

Lan heriotzek gora egin dute 2024an

2024ko Euskal Herriko lan-ezbeharrei buruzko txostena aurkeztu dugu, eta ondorioa argia da: 2023an baino lan-istripu gehiago izan dira, eta lan-osasuneko Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13