Enviserren bi asteko erabateko grebaren ostean, langileek protestak gogortzea erabaki dute, gaur egun pairatzen dituzten miseria-baldintzak nabarmen hobetuko dituen hitzarmen propioa lortzeko.
« Ezinbestekoa da lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen hitzarmen propioa »
Gaur greba mugagabeko bigarren astera heldu dira Gasteizko Enviser enpresako langileek, parkeak eta lorategiak mantentzeaz eta hiriko eraztun berdeaz arduratzen direnak. ELAk, ESK-k eta LABek osatutako enpresa-batzordeak deitutako martxoaren 26an hasi zen greba mugagabearen jarraipena handituz joan da, eta joan den ostiraletik, enpresak ateak itxi ditu, langileen deialdiaren jarraipen osoa dela eta, Udalarekin kontratatutako zerbitzurik ezin emanda.
Miseriazko hitzarmena
Gaur egun, 90 langile ingururen lan-baldintzak Estatuko lorezaintza-hitzarmenak arautzen ditu. Miseriazko hitzarmen horretan, soldatek ozta-ozta gainditzen dute Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS), eta greban dauden langileak beren lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen hitzarmen propio bat eskatzen dute: soldata, lanaldia, gaixotasun-egoeretan estaldura, arrisku-plus bat kobratzea, lanaldiaren barruko atsedena, erretiro partzialerako eskubidea, laguntza medikoak izateko eskubidea, lan-ordutegian batzarrak egiteko eskubidea, guardiak arautzea eta adostutakoa aplikatzeko bermeak.
Nahiz eta Beatriz Artolazabal eragindako zerbitzuen ardura duen zinegotziak Espazio Publikoaren eta Auzoen Batzordean greba hasi zen egunean adierazi zuen bere ustez plantillaren eskaerak guztiz onargarriak zirela enpresarentzat, gaur egun ez da Enviserren aldetik negoziazio-proposamen irmorik jaso, eta, beraz, langileek joan den asteazkenean egindako batzarrean erabaki zuten protestak gogortzea, eta datozen asteetan ekintza berriak planteatuko dituzte gatazkari irtenbidea emateko.
« Herritarrek borrokan dauden lorezainei babesa ematen jarraitzen dute »
Mobilizazioak eta hiritar babesa
Bi aste hauetan ekintza ugari egin dira, kontzentrazioak enpresaren eta Udalaren -egungo egoeraren arduradunak- aurrean, eta mobilizazioak hirian zehar, bizikleten eta autoen karabanetan zein manifestazioan.
Herritarrak kezkaz hartzen ari dira egoera, eta aho batez babesten dituzte borrokan ari diren lorazainak, egungo lan-baldintza onartezinak ezagutzen dituztelako.
Bihar, pentsiodunen mugimenduak eta sindikatuek gutxieneko soldata eta pentsio duinen alde deitutako manifestazioan parte hartuko dute langileek, eta datorren astean protestekin jarraituko dute, lan-baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen propioa lortu arte.
Enviser-ren erabateko grebak jarraitzen du bi aste geroago
Jarraipen ia osoa Enviser-reko greba mugagabearen lehen egunean
Enviser: egoera jasanezin honen aurrean, greba mugagabera
Enviserreko langileek hitzarmen propio baten aldeko mobilizazioak abiatu dituzte
- 1