Denok parte hartzen dugu Euskal Osasungintza Publikoa den altxor handi horretan, batzuetan erabiltzaile moduan eta beste batzuetan langile bezala; egunero gure lanaren ahaleginarekin eraikitzen dugu, gure seme-alabak mundura ekartzen lagundu digu altxor honek eta besteen seme-alabak mundura ekartzen lagundu dugu bertan.Altxor honetan gure pertsona maitatuei agur esaten lagundu digute eta besteen mina arintzen lagundu dugu bertan. Gure bizitzako etapa desberdinetan mina arintzen lagundu digun altxor honetan. gure lanaren fruitua gure auzokoen osasuna da.
Osakidetza altxor handia da, baina pirata trajedunek mehatxupean jartzen dute. Aukerarik txikiena dutenean, hortxe daude eskua sartzeko eta pastelaren zati bat eramateko. Egungo kudeatzaileek gure altxorra defendatu beharrean pirata publiko-pribatu hauei alfonbra gorria jotzen dute. Horrela hamarkadak daramatzagu eta eskua sartzen duten bakoitzean eskaintzen eta jasotzen dugun zerbitzua ahuldu egiten da. Bada garaia aldaketa sakonak serioski planteatzeko, txandako kudeatzaileak seinalatzetik harago joan behar gara, Osakidetza merkatuaren logikatik atera eta benetako parte-hartzetik eta horizontaltasunetik eraiki.
Osakidetzan lan egiten dugunok bikoiztuta jasaten dugu narriadura hori, erabiltzaile gisa Lehen Mailako Arretaren ahultzearekin, itxarote-zerrenda luzeekin eta abar. Eta langile garen aldetik gure lan-baldintzen okertzearekin eta lan-karga handiekin.
Gizarteak, Osasun Publikoaren aldeko Plataforma ezberdinetan antolatua, urteak daramatza desfalku honen aurka borrokatzen eta jendartea kontzientziatzen borroka honen garrantziaz.
ESK-tik uste dugu Osakidetzako langileok borroka honen parte aktibo izan behar dugula, konponbidea ez baita iritsiko makillaje hutsa baino ez diren Itunetatik, zerbait egiten den itxurak egiteko, denak berdin jarrai dezan. Zer aldaketa eman daiteke Osakidetzan CONFEBASK bezalako eragileek sinatutako Itun baten bidez? Batere onik ez, noski.
Irtenbidea mobilizaziotik baino ez da iritsiko. Mobilizazio indartsuak, Eusko Jaurlaritza bere politika pribatizatzaileei buelta ematera behartuko dutenak. Horregatik ESK-tik langile guztiak animatzen ditugu prestatzen ari diren mobilizazioetan parte hartzera:
• Bihar, urtarrilak 16, elkarretaratzeak 12:00etan Santiago Ospitalean (Gasteiz), San Eloy Ospitalean (Barakaldo) eta Tolosako Osasun Zentroan
• Datorren otsailaren 1ean manifestazioak Bilbon (Jesusen Bihotza) eta Gasteizen (Bilbo plaza) 12:00etan eta Donostian (Bulebarra) 17:00etan.
Gure interesak kalean defendatzen dira!