Agerikoa da Osakidetzak arazo bat duela mahaiekin. Langileentzat hobekuntzak lortzeko balio beharko lukeen mahai sektorialak ez du aurrera egiten eta, aldiz, osasun euskal itunaren mahaiak, Eusko Jaurlaritzaren irudia garbitzeko gune horrek, martxa behartuetan egiten du aurrera.
MAHAI SEKTORIALA
Mahai sektoriala entzuteko gunea bihurtu da; enpresak zehazten ditu agenda eta edukiak. Osakidetzak, plantillari eta hautagaiei EPEen, kontratazio-zerrenden, lekualdatzeen eta antzeko prozesuen inguruko informazio zuzena eman beharrean, informazio ez oso zehatzak plazaratzen ditu mahai sektorialean sindikatuek transmisio-lanak egin ditzaten.
Adibide mingarri bat gure lan-baldintzen akordioa da, 2007an argitaratu zena eta ordutik luzatuta daramana.Adibide gisa, mahai sektorialean 15 urte luze hauetan zehar egindako bilera guztien ostean, oraindik ez dugu baimenik gure seme-alabak kontsultetara eramateko.
Mahai sektorialaren azken bilera esandakoaren isla izan da. Osakidetzak hainbat prozesuren ebazpenari buruzko asmoak helarazi ditu, eta lan baldintzen akordio berri baterako negoziazioei berriro heltzeko asmoa iragarri du. ESK-tik promesa gutxiago eta ziurtasun gehiago exijitzen ditugu. Osakidetzak, prozesuen hasieran ezarritako epeekin hasi behar du lanean. Erabakigarria da plantillaren aurrean sinesgarritasuna berreskuratzeko.
Zertaz hitz egin da azken mahai sektorialean?
20-21-22-E EPEa
Osakidetzak ez du kronograma argirik ezartzen fase bakoitzeko jabetza hartzeetarako (Egonkortzea eta 22-21-20). Ildo horretan, Osakidetzak oinarri orokorrak eta espezifikoak aldatu zituenean iragarri genuen bezala, ESK-k demanda bat jarri zuen bi prozesuetan plaza esleitua duten pertsonek bietako zeinekin geratuko diren aukeratu ahal izateko eskubidea bermatzeko.
LEKUALDATZE LEHIAKETA
Kronograma fidagarririk ere ez da planteatzen. Argi geratzen dena da, beste behin ere, Osakidetzak ez duela bere araudia betetzen, urtero 2 lekualdatze-lehiaketa ezartzen zituena.
Oraingoz estaldura zaileko lanpostuak betetzeko EPE berezia izango duten kategoria medikoetarako lekualdatze-ziklo bat martxan jarri du: FEM Familia, FEM Pediatria, FEM Psikiatria eta FEM Haur Psikiatria.
KONTRATAZIO ZERRENDAK
Arazo informatiko berri batek geldiarazi du falta diren kategorien eguneraketa eta integrazioa. ESKrentzat garaia da Deloitte multinazionalarekin duen kontratuari amaiera emateko eta kontratazio zerbitzuko sistema informatikoak baliabide propioekin garatu eta kudeatzeko.
OPOR ORDAINDUAK ETA HARTU GABEAK
Badirudi Osakidetzak gozatu gabeko opor hauek gure esperientzia profesionalari gehitu nahi dituela soilik epaiaren datatik aurrera (2024/02/29). ESK-k borrokatzeko asmoa mantentzen du, gozatu gabeko opor ordaindu GUZTIAK onar daitezen.
OSASUNAREN EUSKAL ITUNAREN MAHAIA
ESK oso kritikoa da mahai honen bilakaerarekin, aurretik egungo egoera kaskarreraino ekarri gaituzten erabaki eta jarreren kritikarik eta hausnarketarik egin gabe jarri nahi baititu etorkizuneko Osakidetzaren oinarriak. Benetako diagnostikorik ere ez da egin. Eztabaida ez da demokratikoa izan, ezta gardena ere. Ez da pribatizazioak dakarren kalteaz hitz egiten, gainera “lankidetza” publiko-pribatua deitzen dioten tranpari atea zabalik uzten zaio. Badirudi mahai horren barruko indar harremanean bidea markatzen dutenak CONFEBASK bezalako eragileak direla.
Pasa den asteazkenean Barakaldoko BECen bildu zen mahaia eta ESK Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformek deitutako elkarretaratzean egon zen, marketin kanpaina arriskutsua iruditzen zaiguna salatzen eta promesa gehiagorik nahi ez dugula ozen aldarrikatzen.